ardi-txakurrak

Mikel Pagazaurtunduak Azkaineko Dominique Larretxea ardi-txakur txapelketea irabazi dau

Asier Abrisketa 2024ko urr. 18a, 12:40

Artzain lemoaztarrak aurten jokatutako lau txapelketetatik lauretan jantzi dau txapela eta oingo astegoienean, estadu mailako txapelketea izango dau Gironan.

Pasau dan astegoienean Azkainen (Lapurdi) izan zan Artxate ardi-txakur alkarteko kidea dan Mikel Pagazaurtundua artzain lemoaztarra Lay txakurragaz. Dominique Larretxea txapelketan parte hartu eta txapela jantzi eban. BEGITUri adierazo deutsonez, "sorpresa handia" izan zan garaipena, hirugarren egin eban eta ardi-txakurrak gobernetan bere irakasle izan dan Inaxio Irakulisek konbidauta, "abenturara" joan zan Azkainera eta. Beste lau partaideak, Iparraldekoak ziran.

Esperientza barria izan da hau Pagazaurtunduarentzako, kontau dauanez, Iparraldean desbardin jokatuten dira-ta txapelketak. Distantzia luzekoak izaten dira, ardiak 400 metrora be mobidu behar diralako. Gainera, bertan ardi-txakurren inguruko "kultura handiagoa dago" eta jente ugari batzean da txapelketen inguruan, giro sano ederra osatuten dalarik.

Lemoaztarrak urte bi baino ez daroaz txapelketa honeetan parte hartzean eta daborduko, marka itzelak lortu dauz. Aurten jokatutako lau txapelketa ofizialetatik laurak irabazi ditu. Pasau dan urtean Bizkaiko bigarrena izan zan eta aurten, Lemoan jokatu zan txapelketea irabazita, lehena da. Euskal Herriko mailan ostera, seigarren izan zan pasau dan urtean eta bigarren aurtengoan. Holan, Mikel Pagazaurtundua bera eta Igor Elordi (Euskal Herriko lehena) Gironara joango dira, hilaren 20an estaduko lurralde desbardinetako txapeldunen arteko txapelketea jokatutera.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!