auzoak

Zapatuan ospatuko da Tallerreta eta Lemorieta auzoetako jai bateratua

Asier Abrisketa 2024ko uzt. 11a, 11:10

Kalejirea, bazkaria, igel eta pintxo txapelketak, DJ-a eta urteroko oilasko erreketea egingo dira Lemoako auzoetako jaietan.

Lemoako Tallerreta eta Lemorieta auzoek urtero ospatuten ditue jai bateratuak, auzotarrek osotutako Tallemorieta Jai Batzordeak antolatuta. Aurtengo jaia garagarrilaren 13an, zapatua, izango da. Eguerdian txupinazoagaz hasi eta gaueko oilasko erreketeagaz amaituko da ospakizun eguna. Tartean, auzotarrentzako ekintza ugari egingo dira, igel eta pintxo lehiaketak berbarako.

13:00etan botako da txupinazoa Atutxen eta jarraian, kalejirea abiatuko da auzotik. Bazkaltzeko, 15:00etan, eskoletara hurbilduko da txartela daukan jentea, oilasko paellea jatera. Bazkalostean egingo da Igel Txapelketea, baita errifen zozketea be. Arrastiz, 18:00etan da Pintxo Lehiaketea eta 19:00etan, DJ batek ipiniko dau musikea. Ohiturea danez, jaia oilaskoaren erreketeagaz amaituko da 21:00etan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!