jaiak

Martxan dagoz Lemoako Jaietarako prestaketak

Asier Abrisketa 2024ko uzt. 9a, 12:46

Gastronomia egun, kuadrillen afari eta herri afarirako txartelak, Rally Umoristikorako, mozorroetarako eta playback-etako izen-emotea zein Parteportea eskatuteko epeak jakinarazo dira.

Garagarrilaren 26an hasi eta 31n amaituko dira aurtengo Lemoako Jaiak eta daborduko, Jai Batzordeak argitaratu dau egitarau osoa. Tartean, aurretiko izen-emotea zein txartelen erosketea beharrezkoa dan ekintzak dagoz. Horretarako, hurrengo egunetan adi egon beharko dira ekintzetan parte hartu gura dabenak, leku barik ez geratzeko.

Egitarau gastronomikoari jagokonez 18 urtez azpiko kuadrillen afaria hilaren 26an, egun gastronomikoa 27an eta herri afaria 29an dagoz. Honeetarako txartelak udaletxean lortu daitekez barikura arte, hilak 12. Kuadrillen afarirako eta egun gastronomikorako txartelen prezioa euro bikoa da eta herri afarikoa, zortzi eurokoa.

Izen-emoteak be, hiru dira. Karrozatan egiten dan Mozorro Lehiaketea txupinazo egunean da eta parte-hartzeako, garagarrilaren 24an emon behar da izena 19:00etatik 20:00etara Atxeta plazan. Rally Umoristikoa barriz, garagarrilaren 30ean egingo da. Izena lemoa.net webguneko galdetegia beteta emon daiteke, hilaren 21era arte. Playback-ak be izango dira egun berean eta izena emoteko aukerea, aurreko egunean, hilak 29, egongo da txosnagunean 18:00etatik 21:00etara.

Parteportea

Jai Batzordeak, "lehiakortasun osasuntsuago bati bultza egin nahirik", Parteportea aurkeztu dau. Libreta hau, jaietako ekintzetan parte hartuko dauan edonorentzako da. Ekintzetan parte hartu izanaren egiaztagiria izango da, ekintza bakotxeko, pegatina bat egongo dalarik. Hau garagarrilaren 14ra arte, domekea, lortu daiteke hurrengo estekan.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!