auzolandegiak

Lemoatxeko lubakiak musealizetan jarraituko dabe udan Auzolandegietako gazteek

Bea Azpiri 2024ko api. 4a, 10:11

Lemoatxeko trintxerak musealizetea; hau da, denporan iraungo daben zakuak ipintea Auzolandegiak, Eusko Jaurlaritzeak bultzatutako programearen eskaintzaren barruan dago, aurten be. Programan parte hartu gura daben 14 eta 26 urte bitarteko gazteek, izena emon daikie online galdetegian. Lemoako auzolandegiok garagarrilaren 22tik abuztuaren 4ra izango dira.

Mundu zabaleko gazteek hartzean dabe parte programa honetan. Goizetan, Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritzapean, 1937ko Lemoatxeko batailako trintxera gunean egiten dabe behar eta arrastian, ingurua eta kulturea ezetuteko, hainbat jarduera ludikotan hartzean dabe parte.

Memoria

Herrian gertatutakoak berreskuratu eta jakitera emoteko helburuagaz, memoria historikoa lantzen lan handia egin dau Lemoak. Lemoa gune estrategikoa izan zan Gerra Zibilean eta hildako asko egon ziran Lemoatxeko batailan. 2011n Aranzadi Elkarteak gorpuzki batzuk atera ebazan Lemoatxen, lurpetik, eta 2013an, Udaletxeko Kultura Batzordeak, memoria historikoa berreskuratzeko Batzorde Herritarra ipini eban martxan. Lan handia egin dabe harrezkeroztik, eta indusketetatik ateratako materialagaz, erakusketak, liburuak, adierazpen artistikoak eta ibilbide tematikoak, besteak beste, egin ditue.

Auzolandegiak programegaz trintxera gunean beharrean, aurkikuntza ugari egin ditue hamar urteotan, Lemoatxen geratu zana eta honek zer eragin izan eban herrian azaldu dabenak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!