Abendua hasi orduko joan zan Alex Txikon alpininista lemoaztarra Nepalera, aurtengo bere erronkeari aurre egiteko: neguan Annapurna (8.091 m) zapaldutea. Zortzimilako tontor horretan, espedizino bi baino ez dira neguan heldu eta atzena, 1987an izan zan. Oinarrizko Kanpamentua egokitu ostean, Alex Txikon, Chhepal, Ang Gyalu, Passan Nurbu, Magkpa, Mig temba, Lakpa, Pemba eta Mattia Conte altuerako kanpamentuak hornituten jarraituten dabe hirugarren errotazinoan
Talde bitan egin dabe atzo hasitako altuerako txandakatzean. Lehen taldea, Txikon barne, atzo urten zan Oinarrizko Kanpamentutik eta lau ordutan heldu ziran C1era. Pisu handiagaz egin dabe igokerea eta gainera, bidean elur-jausi bat egon zala-ta, geldi egon behar izan ziran ordu batez. "Bost minutu gehiago, eta lurretik ezabatuko gintuen elur-jausiak", onartu dau Txikonek. Bigarren taldea gaur urten da, zuzenean C2ra igoteko.
Egun honeetan, haizea da Annapurna Cold Peaks taldearentzako buruhauste nagusia. Izan be, atzen egunetan 100 km/h haize boladak izan dira altueran. Oin, espero da haizea 50 km/h abiaduran dabilela, egoera meteorologiko bortitza da oindino be.