Abendua hasi orduko joan zan Alex Txikon alpininista lemoaztarra Nepalera, aurtengo bere erronkeari aurre egiteko: neguan Annapurna (8.091 m) zapaldutea. Zortzimilako tontor horretan, espedizino bi baino ez dira neguan heldu eta atzena, 1987an izan zan. Oinarrizko Kanpamentua egokitu ostean, Alex Txikon, Chhepal, Ang Gyalu, Passan Nurbu, Magkpa, Mig temba, Lakpa, Pemba eta Mattia Conte altuerako kanpamentuak hornituten hasi ziran atzen astean. Oin, bigarren errotazino bat egin dabe baina barriro emon dabe bueltea hirugarren kanpamentuan.
Holan, espedizinorako material gehiago itxi dabe akanpalekuetan baina oingoan, helburua laugarren kanpamentura edo posible izaterik, tontorrera heltzea izan da. Halanda be, Txikonek onartu dauanez, "agian anbizio gehiegiko" erasoa izan dala. Altueran, haize gogorra sufridu eban taldeak eta erasoaldia bertan behera itxi eben: "Abortatzea ebatzi genduan, beste egun batez bizitzen jarraituteko".
Lemoaztarrak aitortu dau "kolpe psikologikoa" izan dala: "Jentea oso goian ikusten da baina gure arrakastea, benetan, presinoa maneitatzen jakitea eta bueltea noiz emon jakitea izan da". Halanda be, pozik agertu da beharrezko material guztia behar dan lekuan dagoalako. Oin, Oinarrizko Kanpamentuan indarrak berreskuratu eta hirugarren erasoaldia prestauko dau Annapurna Cold Peaks espedizinoko taldeak.