Aurreko urtean Manaslu neguan igon eta bajatutea lortu ostean, maiatzean BEGITUn egindako alkarrizketan aurreratu eban moduan, Annapurna igoteko saiakerea egingo dau Aletx Txikonek. 1987 urtetik, inork ez dau lortu 8.091 metroko altueran dagoan tontorra zapaldutea lortu eta oingoan, Lemoakoa saiatuko da. Zemendiaren 29an egin eban bidaia eta prestaketa lanakaz dabil oindino.
Annapurna neguan arrakastaz amaitu daben espedizino bi baino ez dira erregistrau. Lehenengoa, 1987ko zezeilaren 3an izan zan. Jerzy Kukuczka eta Artur Hajzer poloniarrak gailurrera heldu ziran. Urte berean, Noboru Yamada, Toshiyuki Kobayashi, Yasuhira Saito eta Teruo Saegusa japoniarrek be, abenduaren 20an zapaldu eben Annapurnako tontorra, baina garbizaleentzat ez litzateke neguko tontorra izango, negu astronomikoa hasi baino egun bat lehenago lortu zan eta.
Simone Moro be saiatu zan 1997an neguan tontor hau egiten, eta bizirik atera zan espedizinoko bakarra izan zan. Anatoli Bukreev eta Dimitri Sobolev taldekideek bizia galdu eben edur-jausi batek harrapatuta.