mendia

Domekan jokatuko da VII. Lemoatx Trail

Asier Abrisketa 2023ko aza. 18a, 23:36

Lasterketa eta martxa luze eta laburrez gainera, jai giroa egongo da herrian, musika, taloak eta kirol materialaren salmahiakaz.

Ganzabal Mendi Talde lemoaztarrak antolatuta, Lemoatx Trailen zazpigarren edizinoa jokatuko da domekan, hilak 19. Lasterketa eta martxa bina egingo dira. Lasterketa luzeak 24,2 kilometro eta 1.300 metroko desnibela dauka; baita martxa luzeak be, ibilbide bera daukie eta. Lasterketa laburrak, 16,4 kilometro eta 910 metroko desnibela dauka, eta lasterketa luzearen hasierako ibilbide bera dauka. Martxa laburrak barriz, 8,3 kilometroko ibilbidea dauka, lasterketa eta martxa luzearen ibilbidearen bigarren partetik doana. Lasterketa egunean, jai giroa egongo da herrian, musika, taloak eta kirol materialaren salmahiakaz.

Ganzabal Mendi Taldeko Iñigo Gonzalezek azaldu dauanez, parte-hartzea handia izango da. Aurreko urtean legez, 900 persona inguruk hartuko dabe parte ibilbide desbardinetan. Izan be, Etiketa Berdea-ren parteko lasterketea danez, 1.000 partaidekoa da mugea. Batez be, arratiarrak izango dira korrikalariak baina Bizkaiko ligako lasterketea danez, "Durangaldetik, Bilbotik eta Barakoldotik be etorten dira batzuk; baita Gipuzkoa Iruñealdea, Iparralde eta Kantabriatik be". Azpimarratuteko, Oihana Azkorbebeitia eta Ander Iñarra egongo dira zehaztu dau Gonzalezek.

Ibilbidea egiterakoan, Ganzabal Mendi Taldekoek "gurdiek antxina erbilten ebezan bideak errekuperetan" ahalegindu dira, holan, herriko historia be badakarre gogora. Larrabeitira doan zubi erromatarra, basoko bidezidorrak, Aramotz eta Belatxikieta, Elorriagako III. eta IX. mendeko "gizon-harri" erromatarrak, gerra zibileko lubakiak, kanposantua eta zarratutako harrobiak ikusiko dira , besteak beste, ibilbidean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!