Gaur emon jako hasikerea Lemoako Kirol eta Ariketa Fisikoaren Asteari

Asier Abrisketa 2023ko aza. 13a, 12:53

Lemoatx Trail-egaz amaituko da Lemoako Kirol eta Ariketa Fisikoaren Astea.

Lemoako Udalak eta herriko eragileek alkarlanean antolatu dabe hurrengo egunetan egingo diran publiko guztientzako jardueren eskaintzea.

Gaurtik hasita eta hilaren 19ra bitarterako, Kirol eta Ariketa Fisikoaren Astea antolatu dau Lemoako Udalak herriko alkarteen lagutzeagaz. Lemoan egin daitekezan kirolak ugariak dirala erakutsi gura da eta bakotxak bere gutukoa topau ahal dauala. Edade guztietarako aukerak egon arren, ume eta edadeko jentean ipini da aurten arretarik handiena. Urtero lez, Lemoatx Trail mendi lasterketeak emongo deutso amaierea kirol asteari.

Atzo Bizkaiko saskibaloi aurre-selekzinoek, andrazko eta gizonezko Minibasket mailakoek, Lemoan egin eben entrenamendua. Herritarrei zuzendutako jarduerak barriz, gaur hasi dira. Goizez, helduentzako ibilaldi gidatua egin da eta arrastiz segiduko dau eskaintzeak, adinekoentzako igel txapelketa eta gero, Ganzabal Mendi Taldeak antolatutako Elkartasuna Ghulan Murtazarekin berbaldi-emonaldiagaz.

Zemendiak 13, astelehena

  • 09:00etatik 11:30eran, ibillaldi gidatua.
  • 17:30ean, adinekoentzakoa Igel Txapelketea jubiladuen egoitzan
  • 19:00etan, Elkartasuna Ghulan Murtazarekin berbaldi-emonaldia Kotxepinen

Zemendiak 14, martitzena

  • 18:00etan, martxa nordiko hasikerako ikastaroa Gudarien parketik hasita.

Zemendiak 15, eguaztena

  • 16:30etik 17:45era, 4 eta 8 urte bitarteko umeentzako herri kirolak ludotekan.
  • 17:30ean, "Ariketa fisikoa plazaz plaza" Gudarien parketik hasita.
  • 17:45etik 19:00etara, 9 eta 12 urte bitarteko umeentzako herri kirolak ludotekan.

Zemendiak 16, eguena

  • 19:00etan, 16 urtetik gorakoentzat Lemoako Binakako I. Pentatloia kiroldegian.

Zemendiak 17, barikua

  • 18:30ean, eguraldiak lagundu ezkero, Durundibarri Dantza Taldearen eskutik, Dantzan Plazaz Plaza, Plaza Gorrian.

Zemendiak 18, zapatua 

  • 09:00etatik 13:00etara, 12 eta 16 urte bitartekoentzat padela eta frontenisa kiroldegian.
  • 11:00etan, HH2 eta DBH4ko bitartekoentzat, IV. Duatloi txikia eta 7 urtetik gorakoentzat bizikleta ginkana ikastetxean.
  • 16:30ean, Lemoako pelotarien erakustaldia kiroldegian eta musikea, pintxo-potea, errifak eta sariak.

Zemendiak 19, domekea (Lemoatx Trail)

  • 08:00retan, mendi martxa luzea (24 kilometro).
  • 09:15ean, lasterketa luzea (24 kilometro).
  • 10:00etan, lasterketa laburra (16 kilometro).
  • 10:45ean, mendi martxa laburra (8 kilometro).

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!