Lemoako A eta B taldeetako ikastaroetan izena emoteko epea zabaldu da

Ager Barragan 2023ko ira. 5a, 12:46

Aurten be Lemoako ikastaroetan izena emoteko epea zabaldu dabe udaletxetik. Izena emoteko epe desbardinak dagoz eta epe horreen arabera sailkatu dira ikastarook A eta B taldeetan.

A taldea, Urri lehenengoaren 4tik 17ra hurrengo ikastaroetan emon daiteke izena: Ginekologia naturala eta sexu ahalduntzea I eta II, Gizontasun berriak parekidetasunerantz pausoka, Emakumeak elkarrekin hazteko espazioa, Musika familian, Umeen irakurle taldea, Argazkigintza digitala, Informatika, Eskulanak, Death Cafe eta Teknologia berriak pertsona nagusientzat.

B taldean barriz, hilaren 30era arte euskera ikastaroetarako emon daiteke izena; hau da, Euskara eskolak, Euskara merkatarientzat eta Pertsona migratuentzat euskara ikastaroetarako. D taldea beste 5 ikastarok osotuten dabe, baina euretan parte hartzeako izen-emotea abenduan izango da.

Izen-emoteak online egin behar dira

Izen-emoteak udal webgunean egingo dira eta Lemoan erroldatutakoek lehentasuna izango dabe. Leku kopurua baino persona gehiagok izena emon ezkero, zozketea egingo da eskatzaile guztien artean. Taldea sortzeako kopuru minimoa ateraten ez bada barriz, ikastaroa bertan behera geratuko da.

Kirol ikastaroak

Lemoako kiroldegiko eskaintza erabili ahal izateko, modu bi bereizten dira. Hilekoa izeneko zerbitzuan izen-emotea urri lehenengoaren 11n zabalduko da eta 24ra arte luzatuko da. Astean ikastaro bereko saio bitara joateko aukerea emoten dau. Lemoan erroldatuek lehentasuna izango dabe.

Aukeran zerbitzua abonatuentzakoa da, eta hilean 15 euro ordainduta, astean 5 saio desbardinetara joateko aukerea dago. Jardueretako plaza erreserbak aplikazino baten bitartez egin behar dira. Pilates, Yoga, Eskalada eskolak, Entrenamentu funtzionala edo Haurdunaldi aktiboa dira kiroldegian egin daitekezan ikastaro edota jarduera batzuk.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!