elkartrukea

Lemoako Elkartruke programak hogei gazte eroan ditu Edinburgora

Asier Abrisketa 2023ko uzt. 13a, 11:10

Aurten gazteen emantzipazinoa da jorratu dan gaia. Horretarako, etxebizitza kooperatiba bat, maizterren sindikatu bat eta ekonomia zirkularra lantzeko alkarte bat ezetu ditue Eskoziako uriburuan.

Barikutik, Lemoako hamazortzi gazte eta begirale bi Edinburgon dagoz, Lemoako Udalak antolatutako Elkartrukea programea aprobetxatuta. Aurtengo Elkartrukean, gazteen emantzipazinoa da langai nagusia eta Edinburgon, etxebizitzeagaz lotutako eragile desbardinak zelan antolatuten diran ezetuteko egin dabe bidaia. Pablo Rodriguez udal teknikariak azaldu dauanez, besteak beste, Edinburh Student Housing Co-op ikasleentzako etxebizitza bloke komunitariora eta Living Rent alogeroen sindikatura hurbildu dira gazteak. Horrezaz gain, Zero Waste Hub alkartea be ezetu dabe, ekonomia zirkularra jorratuten dauana.

Edinburh Student Housing Co-op, ehun ikasle inguru bizi diran etxebizitza bloke bat da. Unibersidadeko ikasleak bizi diran erresidentzia honek, kooperatiba moduan funtzionetan dau. Ikasleek, asanblada orokor batean antolatuta kudeatuten dabe blokea, lantalde desbardinen bitartez: energia, mantenua, aisialdia... Alkiler bat ordainduten dabe eta etxebizitza, ura eta argindarra ordaintzeaz gainera, zati bat kooperatibarentzako izaten da.

Living Rent ostera, maizterren sindikatu bat da. Errentadoreek, jaube eta etxe-agentziakaz negoziatzeko baliatuten dabe sindikatua. Arazorik izanez gero, gutun bat bialduten jakie jaube edota agentziei eta hobekuntzarik lortu ezean, ekintza desbardinak antolatuten ditue: alkarretaratzeak, arazoaren hedapena sare sozialetan...

Zero Waste Hub alkartea barriz, ez dabil etxebizitza problematikaren inguruan, ekonomia zirkularra da gehien jorratuten daben gaia eta honegaz lotuta, hondakinen kudeaketea. Rodriguezek azaldu dauanez, egiten daben gauzetako bat gauean taberna, jatetxe eta dendetatik pasetea da, saldu ez diran eta botako dabezan elikagaiak batu eta gero saltzeko. Lemoako gazteek, alkarte honek antolatutako bigarren eskuko azoka batean egoteko aukerea izan dabe.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!