udal hauteskundeak

EH Bilduk lehen sektorea berreskuratuteko akordio sozial eta politikoa aldarrikatu dau Lemoan

Asier Abrisketa 2023ko mai. 15a, 12:45
Arratiako EH Bilduko alkategaiak Iker Casanovagaz.

Iker Casanova, Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaia: “Feudo jeltzaltzat jotzen ziren lurraldeak beste modu batera, ezkerretik, kudea daitezkeela erakusten duen adibidea da Lemoa”.

EH Bilduk agerraldia egin eban domekan Lemoan eta bertan egon ziran Iker Casanova Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaia, Jasone Agirre legebiltzarkidea eta Arratiako alkategai guztiak, Eukeni Bikarregi lemoaztarra tartean. Ekitaldia lehen sektorearen garrantzia azpimarratu, batez be Arratian, eta Lemoa aldaketaren eredu dala aldarrikatzeko erabili eben.

Iker Casanovak esan eban, "Bizakian lehen sektorea galtzean ari garala" eta horreri urtenbidea emoteko, "akordio sozial eta politiko zabal" baten beharrizana azpimarratu eban: “Gure lehen sektorea, gure arrantza, gure nekazaritza, gure abeltzaintza eta basogintza jasangarria berreskuratuteko ildoak zehaztuko dituan akordio zabala”. 

Beste alde batetik, Casanovak adierazo eban Lemoa historikoki "feudo jeltzalea" izan dala baina eremu honeetan be, beste modu batera gobernetea posible dala erakutsi dauala EH Bilduk. Holan, 2007 eta 2011 artean bazkari eta puruetan 64.000 euro gastau ebazan Lemoako alkate jeltzalea zan Javier Beobiderentzat be izan ebazan berba batzuk:  “Lemoan, herriko politikak txokoetan puruak erretzen definitzetik, gobernantza ireki eta parte-hartzailera igaro da. EAJren txiringitoa izatetik, herritar guztien artean udalerriko kultura-politikaren eta azpiegituren ildo nagusiak garatzera igaro da”.

Eukeni Bikarregi alkategaiak be hartu eban berbea EH Bilduren ekitaldian: “Bizi dogun garaiak personak erdigunean ipini eta zaintza mekanismoetan arreta berezia jartzea eskatzen deusku, erronka hau bikotxa dalako, ekologikoa eta soziala. Horregaitik, pertsonak eta bizi garen ingurunea babestea izango da gure lehentasuna. Bihotzean daroagun eta gure buruetan irudikatzen dogun Lemoa horretara heltzeko lanean eta burrukan segiduko dugu, herriko ahots guztiak entzun eta balioan jartzeko konpromisoa berretsiz”. 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!