Gaur hasiko da Lemoako Kultura eta Memoria Astea Txikiren bakarrizketeagaz

Bea Azpiri 2023ko maiatzaren 8a

Antzerki eta umore absurdoagaz zabalduko dau Jon Esnaola "Txiki" umoregileak Lemoako Kultur eta Memoria Astea, gaur, hilak 8, 19:00etan, Kotxepin Kultur Etxeko plaza espazioan egingo dauan bakarrizketeagaz. Zazpi jarduera dagoz programauta eta Lemoakustik Fest musika jaialdiak zarratuko dau astea.

Kulturako beste jarduerak dira, familian antzerkiagaz gozatuteko Antzerki tailerra bihar, hilak 9, 17:30ean, Kotxepin Kultur Etxeko plaza espazioan; hurrengo egunean, 19:00etan, Joseba Sarrionandia eta Ines Osinagaren Katuen kontuak ikuskizun poetiko-musikala; eguenean, hilak, 11, Arratiako Musika Eskolako ikasleen kontzertu emonaldia 19:00etan plaza espazioan eta zapatuan, hilak 13, Lemoakustik Fest musika jaialdia.

Lemoakustik Fest-eko aurtengo edizinoan, Arratiako Musika Eskolea, 12:00etan; Maria Vaquerizo, 13:00etan; Mugan taldea, 14:00etan; Audience 19:00etan, Ghau, 20:00etan eta Olaia Inziarte 21:30ean, egongo dira Kotxepin Kultur Etxeko lorategian edo karpan, eguraldiaren arabera, kontzertuak emoten.

Memoria jarduerak

Memoriari jagokonean, bihar, maiatzak 9, 19:00etan, Sabin Egiliorren La memoria
traumática liburuaren aurkezpena egingo da Kotxepin Kultur Etxeko liburutegian, eta barikuan, hilak 12, 19:00etan, Memoriaren oihartzunak titulupean, Lemoako Udalak eta Arte Ederren Fakultadeak antolatutako lehiaketako proiektu artistiko irabazlearen aurkezpena egingo dabe ikastetxeko sarreran. 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!