Belaunaldien arteko topaketea ospatuko da Lemoan

Asier Abrisketa 2023ko apirilaren 20a

Pelota partiduak eta egun osoko jaia egingo da aprilaren 29an. Bazkarirako txartelak domekara arte lortu daitekez gaztetxean edo jubiladuen tabernan.

Lemoako Udalak, Lemoako Eskupilota Taldeak, Lemoatx jubiladuen alkarteak eta Karabie Gaztetxeak bat egin dabe aprilaren 29an Belaunaldien arteko Elkartasunaren eta Lankidetzaren Europako Eguna ospatzeko. Holan, egun horretan topaketea egingo da eta belaunaldien arteko harremanak saretzeko egun osorako egitaraua antolatu da.

Hasteko, 11:00etan pelota partiduak egongo dira jokatu zein ikusteko eta hamaiketakoaren ostean, 12:30ean, "igel poteo musikatua" egingo da herritik. Ostean, danak batera egingo dabe bazkaria: entsalada, gisadua eta euskal pastela. Honetarako txartelak hilaren 23ra arte, domekea, erosi daitekez 10 eurotan, Karabie Gaztetxean eta jubiladuen tabernan. Gero, bazkalostean Bingoan jolastu eta arrastian, txokolatadea eta erromeria egingo dira.

Jolas kooperatibo eta lehiakorrak

Oingabiz programearen baitan, Udalak belaunaldien arteko jolas kooperatibo eta lehiakorrak be antolatu ditu, aprilaren 26rako, eguaztena. Eskolako aterpean egingo dira jolasak 17:00etatik 18:30era eta gazteentzako zein nagusientzako dagoz zuzenduta.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!