eskupelotea

Bizkaia eta Errioxako federazinoetako andrak eskupelotan lehiatuko dira Lemoan

Asier Abrisketa 2023ko apirilaren 13a

GRABNI txapelketako laugarren jardunaldiaren zati bat Lemoan jokatuko da zapatu goizean; gazteen, 22 urtez azpikoen eta nagusien partiduak egongo dira, banaka eta binaka.

GRABNI Araba, Bizkaia, Errioxa, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroako pelota federazinoen arteko urteroko txapelketea da, modalidade eta adin desbardinek hartzean dabe parte bertan. Eskuz eta palaz, ezker paretan zein trinketean jokatuten da GRABNIN.

Holan, jardunaldi bakotxa frontoi desbardinetan izaten da, modalidadearen arabera. Asteon Bilboko Club Deportivon, Matienan, Bizkaia Frontoian, Larrabetzun, Abadiñon eta Lemoan jokatuko da txapelketako laugarren jardunaldia; Errioxako eta Bizkaiko federazinoen artekoa.

Lemoan, eskupelotako andran partiduak jokatuko dira aprilaren 15ean, zapatua, 10:00etatik aurrera. Lau partidu izango dira guztira, danak bizkaitar eta errioxarren artekoak. Lehen partidua, gazteek jokatuko dabe banaka eta hurrengoak, binaka izango dira: gazteak, 22 urtez azpikoak eta nagusiak.

 

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!