Mendia

Ohorezko sakea egingo dau Alex Txikonek San Mamesen

Asier Abrisketa 2023ko ots. 3a, 10:40

Gaur gauean, Athleticek Cadizen kontra jokatuko dauan partiduan izango da Manaslu neguan eta oxigeno barik igon dauan alpinista lemoaztarraren omenaldia.

Athletic Club taldeak Alex Txikon omendu gura dau, munduko zortzigarren mendirik altuena da Manaslu (8.163 m) neguan eta oxigeno gehigarri barik igotea lortzeagaitik. Holan, bariku honetan San Mamesen jokatuko dan Athletic Club eta Cadiz CF taldeen arteko partiduan, ohorezko sakea egingo dau Lemoakoak.

“Athleticzalea izanik, benetako harrotasuna da Manaslutik bueltan ohorezko sakea egin ahal izatea. Espedizinotik errekuperetan nabilan arren, San Mamesera etorteko beti dago denporea eta gogoa”, Alex Txikon.

Alex Txikon historiako lehena izan da, arau barriakaz, neguko espedizino batean eta oxigeno artifizial barik zortzimilako honen tontorra zapalduten. Aurretik, 2021ean eta 2022an be saiatu izan da Manaslu koroatzen baina hirugarren saiakeran lortu eban atzenean. Broad Peak igon ebanetik hogei urte pasau diranean, 30 espedizino baino gehiagoren kide izan da lemoaztarra eta hamalau zortzimilakoetatik, hamaika zapaldu ditu.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!