Mendia

Manaslu neguan igotea bere ibilbideko "esperientziarik gogorrenetakoa" izan dala dino Alex Txikonek

Asier Abrisketa 2023ko urtarrilaren 9a

Alex Txikonek ateratako argazkiak.

Katmandutik espedizino historikoaren ebaluaketea egin dau lemoaztarrak; mendiaren eta eguraldiaren egoera txarragaz be, 60 ordutan lortu eban zortzimilakoa igon eta bajatutea.

Alex Txikon mendizale lemoaztarrak eta bere taldeak urtailaren 6an lortu eban historia egitea. Arau barriakaz, 8.163 metroko altuera daukan Manaslu mendia neguan eta oxigeno gehiagarri barik igoten lehena izan da-ta. Atzen bi saiakeretan igotea lortu ez ebanez, oingoan estrategia aldatu eta ahalik eta arinen igoten saiatu dira, baita lortu be. Holan, espedizino hau, "nire ibilbideko esperientziarik zorrotz eta gogorrenetarikoa" izan dala azaldu dau Txikonek.

“Egia da oingo honetan argi nebala aukerea izan bezain laster, azkar egin gura genduala, baina agian ez hainbeste. Gauez zenbat eta ordu gehiago egin, orduan eta aukera gitxiago gailurra egiteko, izozketak sufriduteko aukera gehiago dagoalako. Baina indar eta adore handia atera genduan eta zorionez, lortu dogu”

Izan be, kanpamentu nagusitik Manasluko tontorrera heldu eta bueltetan, 60 ordu baino ez dabez erabili. Halanda be, bidearen egoerea ez da onena izan, "muturreko hotza, izotza eta haize zakarra" lagun izan dabez eta. Tenperaturak, zero azpitik 45 gradura be heldu ziran gauez: “Gatxa da jenteak baldintza horreek zer suposatuten daben jakitea. Gure paparraren eta luma-jantziaren artean geunkan kantinploretako ura izoztu egin jakun. Inoz ez jaku holangorik gertatu”. Tarterik gatxena, C2rako bide izan zala azpimarratu dau Txikonek: "Bizitzan egin dodan gatxenetakoa izan zan, bildurra pasau genduan".

Tontorrean bertan be egon ziran zailtasunak, ez eukielako argi benetako tontorra zein zan: "Gaueko 23:00etan gailurrerantza urten eta bertara heldu ginan 09:30ean. Pinakuluaren parean (7.992 metro), gailur nagusira heldu aurreko atzen zatian, eguna argitu zan. Atzen zati hau oso luzea egin jakun. Bazirudien ez zala inoiz amaituko... Espedizino komertzialak geratzen ziran lekua ikusi genduan, baina igoerearen aurreko argazkiak aztertuta jakin gendun benetako tontorra aurrerago egoala. Ibilaldi txiki bat egin eta taldeko kide guztiak heldu ginan gailurrera. Gero, astiro-astiro bajatuten hasi ginan, eta hori zan, zalantza barik, erronkearen gauzarik zailena". Izan be, sherpetako bat 400 metro amildu zala aitortu dau Txikonek: "Nire aurrean jausten ikusi neban, 7.250 metrotik 6.850 metroraino, mirariz dago bizirik".

Lemoaztarra Pasang Nurbu, Chhapel, Gelu, Maila, Mantere Lama eta Gamje Babu sherpakaz igon zan tontorrera, izan be, Simone Moro italiarrak arinago emon eban bueltea. C2tik bakarrik bajatu zan, Txikonek azaldu dauanez, segiduteko indarra baeukan be, bajatuteko orduan taldea oztopatuko ebala uste eban Morok: "Gailur hau Simone Morori be zor deutsagu".

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!