Esti Markezek, Mikel Markez bidelagun izan ostean, bakarkako kantautore ibilbidea abiatu barri dau. Bere lehen lana, Hitzekin jolasean urrietan argitaratu eban eta Lemoara dakar aurkezpena abenduaren 16an. Diskoan estilo desbardinak tartekatzen ditu baina pop-rocka da estilo nagusia eta kantu askok, berak sortutako hitzak ditue.
Iker Lauroba (gitarrea), Josu Erviti (bateria) eta Dánae Riaño (bajua,) musikari ezagunez inguratu da Hitzekin jolasean diskoan; Garazi Esnaola piano-jolea eta Arkaitz Miner biola eta bibolin-jolearen kolaborazinoak izan ditu eta Alaia Martinek kantu biren hitzak sortu ditu, besteak beste.
Disko osoa argitaratu aurretik, honeri izena emoten deutsan kantea atera eban Markezek: “Abestiari berari idatzitako abestia da, berbakaz jolasean gura barik sortutakoa. Kantak izaten dira guri esaka aritzen diranak, emozino desbardinen biziarazle. Oingo honetan kontrako bidea egin dot, ni biluztu naz bere aurrean eta kantea bera egin dot protagonista”.