Lemoako Udalak, Gizartegintza eta Hirigintza sailen laguntzeagaz Bizikletaren Udal Estrategia garatu dau 2019tik aurrera. Holan, Mogikortasun Plana eta BIZIkletan proiektuak landu ditu hiru arloren inguruan: segurtasuna, aparkalekuak eta zerbitzuak. Bizikletearen erabilerea sustatuta "mobikortasun jasangarriaren aldeko apustua" egin dau Udalak.
Saioa Elejabarrieta alkatea: “Estrategiaren helburu nagusia bizikletea Lemoako uri planeamentuaren eta udal ekimenaren erdigunean kokatzea izan da (beti be oinezko mobikortasuna lehenetsita), mobikortasun jasangarri eta seguru baten testuinguruan, garraio modu honegaz lotutako lerro estrategikoak eta neurriak zehazte aldera”.
Proiektua praktikan ipinteko, atzenaldian bizikletentzako azpiegitura handitu da Udaletik. Bizikletan aparkau eta lotzeko puntuak eta bizikletak konpondu eta garbitzeko gune bi eta pumptrack-a zabaldu dira. Beste alde batetik, bidegorri sarea handitu da eta 2023an be, bide barriak zabaltzea da Udalaren asmoa; Arraibi auzoan egin dan modura.
Beste alde batetik, Udal langileei bizikletak erabilteko deia zabaldu jakie, herritik ibilteko. Hau errazteko bizikleta bi, kasko bat eta giltzarrapo bat daukaz Udalak udaletxe osteko biltegian, langileen erabilerarako.