musikea

Astegoieneko kontzertuak Lemoan

Asier Abrisketa 2022ko uzt. 29a, 15:45
Kaotiko taldea.

Gaur Galazota, Pakean utzi arte eta Akerbeltz taldeak igongo dira oholtzara. Zapatuan barriz, McOnak, Kaotiko eta Djs Burruntzali.

Ordu batzuk baino ez dira falta Lemoako Jaiak hasteko eta kanpotik, gaueko kontzertuak ikustera hurbilduko da jente gehiena. Holan, zuzeneko musikeak biztuko dau jai giroa. Gaur, hilak 29, eta bihar, hilak 30, taularatuko dabez sei taldek euren emonaldiak.

Gaur, barikua, etxeko talde bat izango da oholtzea estreinatzen lehenengoa. 23:00etan, Galazota talde arratiar-galdakaoztarrak punk-rock abesti propioak eta bersinoak kantauko dauz. Gero, Hertzainak talde mitikoaren tributoa dan Pakean utzi arte taldeak hartuko dau lekukoa. Amaitzeko, Akerbeltzen erromerian jantza egitera urtengo dira parrandazaleak.

Zapatuan be, hiru talde urtengo dira eszenatokira. Lekeitiko McOnak taldeak folk-rock zeltiarra ekarriko dau Lemoara, 22:00etan. Ostean, daborduko 21 urteko esperientzia daukan Kaotiko taldeak eskainiko dau kontzertua eta gaua zarratzen Burruntzali dj taldeak hartuko dau musikearen ardurea.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!