lemoakustik

Musikearen inguruan batuko dira lemoaztarrak bihar Kotxepinen

Asier Abrisketa 2022ko mai. 13a, 12:01
Ibil Bedi taldea.

Arratiako Musika Eskolea, Esanezin, Pasadena, Habi eta Ibil Bedi taldeek eta Ane Han lemoaztarrak hartuko dabe parte Lemoakustik jaialdian.

Barriro be udabarrian izango da Lemoakustik jaialdia; maiatzaren 14an, hain zuzen be. Ez da ibiltaria izango eta kontzertu guztiak Kotxepinen izango dira, baina pandemiaren aurreko edizinoetan lez, jana eta edana egongo da foodtruck eta txosnatan. Gainera, karteleko taldeak gazteak eta etorkizun handikoak dira. Horregaitik, aurtengoa "itxaropenaren edizinoa" dala dino Izkander Fernandez Lemoakustik jaialdiko antolakuntzakoak. Arratiako Musika Eskolea, Ane Han, Esanezin, Pasadena, Habi, eta Ibil Bedi taldeak egongo dira Kotxepinen prestatutako oholtza bietan, batzuk landan eta besteak lorategian.

Oholtzara igoten, lehenak izango dira Arratiako Musika Eskolako ikasleak, 12:00etan landako eszenatokian. Izkander Fernandez antolatzailearen ustetan, aukera bat izan daiteke Musika Eskolan sortutako taldeentzat. Izan be, "ezetuten dabezan musikari ezagunakaz kartel bardinean egon, ekipo bardinagaz jo eta eszenaleku berean jotea, nik uste dot polita izango dala" azaldu dau Fernandezek.

13:00etan barriz, Ane Han bakarlari lemoaztarrak bere lehen zuzeneko emonaldia eskainiko dau lorategian, banda baten laguntzeagaz. Ane Goienetxek indie estiloko musikea egiten dau eta arinago, Larregi taldeagaz ibilitakoa da. Bere lehen abestia argitaratu barri dau Youtuben, Gorantz izenekoa.

Gero, Esanezin-en txandea izango da, 14:00etan landan. Honek be indie musikea egiten dau. Ianire Aranzaberen bakarko proiektua da Esanezin, baina Lemoakustiken taldeagaz aurkeztuko da. Holan egiten dauan lehenengo kontzertua edo lehengoetarikoa izango dala azaldu dau Fernandezek.

Arrastian, 18:30ean hasiko da barriro zuzeneko musikea, Pasadenaren eskutik. Rock alternatibo amerikarra country-aren ingurukoa egiten dabe Pasadenakoek. Izaki Gardenak taldeko musikariak dira gehienak, proiektu paralelo baten. Fernandezen esanetan, ez dago hainbesteko desbardintasunik Pasadena eta Izaki Gardenak taldeen musikan; "akaso ilunagoa da Pasadena taldekoa".

20:00etan barriz, Habi taldeak joko dau lorategian. Jon Ander Artolak eta Yerey Gasconek 2018an sortutako bikoteak rock alternatiboa lantzean dau, bateria, gitarrea eta ahotsa buztartuta. "Igual indartsuena izango da, gitarrak-eta entzungo doguz, baina oso gozoa da", azaldu dau Fernandezek.

Amaitzeko, 21:30ean atzenaldian entzutetsu egin dan Ibil Bedi taldea igongo da oholtzara. Folk-rock talde gazteak country eta folk britainiar estiloak lantzean dauz besteak beste. Arrakasta handia lortu dabe Orain bat gara moduko abestiakaz.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!