emonaldiak

Gaur hasiko da Lemoako Memoria eta Kultura Astea

Asier Abrisketa 2022ko mai. 9a, 16:56

Astean zehar bost jardueragaz ospatuko da Memoria eta Kultura Astea, lehena Prohibido recordar dokumentalaren proiekzinoa izango da, gaur 19:00etan.

Gaur, maiatzak 9, hasi eta domekararte ospatuko da Lemoako Memoria eta Kultura Astea. Egitarau nagusia Kotxepineko bost emonaldik osotuten dabe: Prohibido recordar dokumentala, eRRe bertso emonaldia, Arratiako Musika Eskolearen kontzertua, Lemoakustik Fest eta Amatxik dixit antzerkia. Emonaldi guztiek izango dabe sarrera librea. Beste alde batetik, eskolan herri kirolak, jolasak, azoka solidarioa, ipuin kontalaria, zientzia astea eta urtekerak egongo dira eskolan, besteak beste.

Esan moduan, Prohibido recordar dokumentalaren proiekzinoa izango da lehen jarduerea, gaur 19:00etan. Txaber Larreategi eta Josu Martinezek zuzendutako dokumentalak gerra ostean Mutrikuko Saturraran hondartzako bainuetxea andrantzako kartzela bihurtu zanekoa gogoratzen dau, bertako biktima eta honeen seme-alaben kontaketetatik abiatuta.

Bihar, martitzena, eRRe. Aldarri bat bertsoz emonaldia egongo da Kotxepinen, hau be 19:00etan. Haizea Arana, Oihana Arana, Aner Peritz eta Leire Vargasek taularatzen daben ikuskizunak bertsolaritzea buztartzen dau, eta antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotzen. Helburua dikotomia, binarismoa eta dualismoen markoetan hausturak proposatzea da Lanku kultur zerbitzuen produkzino honetan.

Eguenean barriz, maiatzak 12, Arratiako Musika Eskolako ikasleen kontzertuak egongo dira entzungai, lehen saioa 18:00etan hasiko da eta 19:30ean bigarrena.

Zapatuan be jarraituko dau musikeak protagonista izaten. Izan be, Lemoakustik Fest jaialdia ospatuko da eguerditik aurrera. Aurtengo edizinoan, Arratiako Musika Eskoleaz gain Gorantz abestia argitaratu barri dauan Ane Han lemoaztarra, Esanezin, Pasadena, Habi, eta Ibil Bedi taldeak dira egotekoak.

Domekan, hilak 14, Amatxik dixit antzerkia izango da Memoria eta Kultura Asteko egitaraua zarratzeko jarduerea. Goitibera Teatro konpainiaren produkzino honek memoria historikoa lantzen dau familia bateko amatxiren lehengusinaren istorioa kontauta, guda eta maitasun istorioa hain zuzen be: “Marcelina eukab izena, 24 urte zituen eta Linareseko jauntxo batzuen etxean lan egiten eban neskame…”.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!