merkatariak

Lemoako Udalak eta Ureztatzen merkatarien alkarteak hitzarmena barriztau dabe

Asier Abrisketa 2022ko mar. 25a, 11:00

Saioa Elejabarrieta alkateak eta Maria Eugenia Trevejo Ureztatzen-eko buruak sinatu daben akordioagaz, merkataritza herrikoi eta ekintzailea buztartzeko 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dauz alkarteak.

Lemoako alkateak eta Ureztatzen merkatarien alkarteko presidenteak sinatu eben 2022rako akordioa, aurreko hitzarmena barriztauz. Holan, lemoaztar eta ingurukoek, erosketak bertako dendetan egin dagiezala bilatu gura dabe. Bilkuran, Lemoa Ureztatzen merkatarien alkarteko kide gehienak eta Bizkaidendak-eko kideak egon ziran.

Hitzarmenen barriaren helburu nagusiak dira asoziazionismoa sustatzea, bezeroen leialtasuna bultzatzea eta bezero barriak erakartea, besteak beste. Asoziazionismoa bultzatzeko, herriko alkarte eta instituzinoakaz alkarlana izango da metodoa. Merkatariek Udalaren deialdietan parte hartzea eta Udalagaz edo beste kultura eta kirol alkarteakaz, ekimen bateratuak egiteko lankidetza azpimarratu gura izan dabe.

Herri merkataritzearen ikuspegi bateratua eta erakargarria sustatu eta sendotu gura dabe Udalak eta merkatariek. Hori dala eta, bezeroen leialtasuna bultzatuteko kanpainak eta ekimenak antolatuko ditue.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!