Homenaje a los pueblos libres. Una gesta heroica liburuak zati bi ditu, José Marcos Blazquez izeneko madrildar errepublikazale batek idatzitako lan originala batetik, eta Garamendik berak idatzitako autorearen biografia eta testuinguru historikoa bestetik. Blazquezek idatzitakoa, atzen 85 urteetan Salamancako Gerra Zibilaren artxiboan isildu arazota egon dan antzezlana da. Bai zensurautako lana bai autorea ezetutera emotea gura izan dau Lemoakoak.
Urko Garamendi: "85 urtez bahituta izan dan antzezlana argiratzeagaz askatasunaren alde aritu ziranak omendu gura izan dodaz".
Homenaje a los pueblos libres kultur sormenaren bitartez egindako aitortza dala dino Garamendik. "Modu arinean idatzita dago, kazetari hizkuntzatik lar urrundu barik. Gerra sasoiko pasarteak lotuz, istorio bat kontau gura izan dot eta batez be belaunaldi gazteenak hartu dodaz kontuan, oin dala ez hainbeste denpora, herri honek bizitakoak ezetu dagiezan. Egun, guztiz naturala da ikastolara edo euskal unibersidadera joatea, euskeraz berba egitea, herri lez hainbat erakunde izatea edo partidu batera ikurriña garrian lotuta joatea, baina horren atzetik gauza asko dago".
Garamendik dinoanez, antzezlanaren autorea espainiarra eta errepublikazalea bazan be, guztiz konprometiduta egoan Jaurlaritzeagaz, "politikari jeltzaleengan konfidantza osoa eukan eta Agirre Lehendakaria izan zan sasoi haretako politikarien artean gehien miresten ebana".
"Liburua zabaltzean gustauko litxakit konziente izatea norbaitek bere sasoian ez ebala gura guk liburu hori irakurterik edo bertan dagoan antezlana taula gainean ikusterik", azpimarratu gura izan dau idazleak.
Liburuak, José Marcos Blazquezen semearen hitzaurrea dauka. Juan Manuel Marcos, idazle famaduna da Paraguayn, El invierno de Gunter eleberriaren idazlea, eta kultura arloko personaia ezaguna da. "Asko eskertu dau nik egindako lana. Ez eban ezetuten bere aitaren obra hau".
Gontzal Mendibilen abesti bat be badauka liburuak, burdin hesiari buruzko abestia da. José Marcos 19 urte zituanean, Euskal Herrira etorri zan, 1936an, Bilboko burdin hesian lan egitera. Carlos Baudilio "Baudi" margolariaren triptikoa be badago, antzezlanean oinarrituta hiru margo egin ditu liburuan sartzeako.