Futbola

Galdu barik amaitu dau urtea Lemoako Harrobik

Asier Abrisketa 2021eko abenduaren 27a

1-0 irabazi eban barikuan Gernika Sportingen aurkako partidua. Holan, zortzi garaipen eta sei bardinketagaz, 30 puntu lortu ditu talde lemoaztarrak; bigarren dira ligako sailkapenean.

Hasikeratik nagusitu zan Lemoako Harrobi Arlonagusian. Lehenengo zatian aukera ugari sortu ebezan, baina atezain gernikarra adi mantenidu zan bere postua jagoten. Lemoakoek lehenengo aukerea bakarrik aprobetxau ahal izan eben, 11. minutuan, Oierrek baloia erdiratu eta Arizabaletak amaitu eban jokaldia.

Bigarren zatian barriz, arazo gehiago sortu ebezan Gernika Sportingeko jokalariek Arlonagusian. Halanda be, atzelarien defensa eraginkorrari eta erdilarien arintasunari esker, kontraeraso arriskutsuak egin ebezan Lemoakoek. Atutxak bigarren gola sartu eban, baina epaileak bertan behera itxi eban, jokoz kanpoko jokaldia zala argudiatuta.

Atzenean, lehenengo jokaldiak ebatzi eban jardunaldia eta, txalo zaparrada artean joan ziran aldageletara Lemoako Harrobiko jokalariak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!