memoria historikoa

Lemoatxako kurutze-bidea kendu dau Lemoako Udalak

Asier Abrisketa 2021ko urr. 29a, 13:13

Ernaik botatako Lemoatxako kurutzea eta Udalak kendutako kurutze-bideak osotutako monumentu frankistearen ordez, elementu demokratiko bat eregiko dauala emon dau jakitera Lemoako Udalak. Eraitsitako kurutzeak kendu izanaren asmoa "ez da sinbolo kristauak kentzea, monumentu frankista bateri esangura barria emotea baino" azaldu dabe komunikadu bidez.

"Balio autoritario eta antidemokratikoak lotuta dituen" sinbolo horreen kentze prozesua eta esangurea Alba Peña-Muñoz arkeologoaren azterlan historiko-arkeologikoan oinarritu da.

Peña-Muñozen azterlanaren arabera, Arratia bailararen gainaldean egoan kurutze monumentala "Kurutzadan" hildakoen omenez eregi zan, erregimenaren ideologia goraipatu eta garaituak umilatzeko. Oinean plaka bat egoan, eta hau irakurri eitekean bertan: "A los que en defensa de una civilización dieron su vida por Dios y por España en esta Peña. 5 junio 1937" (Zibilizazino baten defensan, hatx honetan bizitza Jainkoaren eta Espainiaren alde emon ebenen omenez. 1937ko bagilearen 5a).

Baseleizea gudatik hogei bat urtera eregi zan, 1956an onartu eta 1958an inaugurau zan. Memoria-gune konpleju bat eregi zan: sartzeako errepide bat, kurutze-bide bat, gailurrean egoan kurutze monumentala, Santo Cristo de las Batallas santuaren ermitea, kapera eta horren azpiko hileta-kripta eta kalbario bat mendigunearen gunerik altuenean.

 

 

 

 

 

 

 

 

Bere garaian, aurrekontua 276.000 pezetakoa izan zan. Bizkaiko Gobernu Zibilak 70.000 pezeta ipini zituan, eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste 50.000 pezeta, baina ez dira ezetuten gainerako diru emoileak eta bildutako zenbatekoa.

Kurutze-bidea monumentu moltsoaren zati modura eregi zan 1956 eta 1958 artean, eta Infanterriko Dukesak, Isabel Falguer Morenok ordaindu ebazan kurutzeak, Lemoatxako batailan hil zan bere se Franciscoren omenez.Oindino be gordeta dago Udalak hareri eskerrak emoteko bidali eutsan gutuna.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!