BEGITUk maiatzaren 28an emon eban Igorreko Ahozabal Zentruan ustez gertatutako adinbako baten kontrako eraso-sexual baten barri. Adinbakoaren familiak egin eban salaketea eta gertatutakoa argituteko, prozesu judiziala abiatu zan. Oin, prozesu judiziala amaitutzat emon da, epaileak ez daualako delituaren egitearen fustifikazino nahikorik ikusi; beraz, artxibauta geratu da salaketea.
Ahozabal Zentruak idatzi bat bialdu dau BEGITUra -urri bigarrenaren 1eko aldizkarian egongo da irakurgai- eta bertan azalduten danez, salatua izan zan langilea ez da jada zentroko lantaldearen parte. Beste alde batetik, atzen hileetan sortu diran "zurrumurru, zalatza eta nahasteak" argituteko, adierazo dabe salatutako personea ez dala zentroko arduraduna izan. Adinbakoak babeste aldera, zentrotik "gure protokolo eta prozedurak berrikusi eta indartzen jarraituteko" konpromisoa be hartu dabe bialdutako idatzian.
Gurasoen idatzia
Abuztuan, BEGITUren 476. zenbakian (3. orrialdea), adinbakoaren familiak idatzia argitaratu eban. Bertan azalduten ebenez, salaketea ez zan desestimau eta bai epaileak bai fiskaltzeak hau ikertuteko ebatzia hartu eben. Halanda be, “umeen kontrako eraso sexualen kasu askotan bezala, ez dago proba handirik, hori gertatzen ohi da, testigantza bat bestearen kontra”.
“Gizarte moduan gaiagazko irmotasun falta handia” sentidu eban familiak eta honen aurrean “protokoloak egin, betetean dirala egiaztau eta zorrotzak” izatearen garrantzia azpimarrau eben. Horrezaz gainera, eskerrak emon eutseetzan Bizkaiko Foru Aldundiko eraso sexualen biktimak laguntzeko zerbitzuari eta Bidaure alkarteari.