Biziro alkargunearen pilotajea sei astez burutuko da eta herritar guztientzako zabalik egongo dan topagunea izango da, bereziki persona nagusiei zuzendutakoa. Bizitza aktiboaz gozatuteko, harreman barriak sortuteko eta herriko bizimodua partekatuteko balio izango dauan espazioa izango da. Bizi Batzordeak BEGITUri adierazo deutso, espazio barri hau alkar entzuteko, berba egiteko, emoteko eta jasoteko gunea izango dala; bertan taldean edo bakarka egoteko, jardueretan parte hartuteko edo, beste barik, bertara hurreratu eta espazioaz gozatuteko aukerea eukiko dabe herritar guztiek.
Biziro alkargunearen irekiereagaz batera Bizi Igorre Lagunkoia ekimenaren 10 urteko ibilbideari be aitortza egin gura deutsie eta horregaitik irekiera-ospakizun jaia antolatu dabe gaur, hilak 16, eguaztena, 18:00etan, Elexalde kalearen 10. zenbakian kokatuta dagoan espazioan. Ospakizunean espazio barria ezetuteko aukerea egongo da eta bertan, Biziroren funtzionamentua aurkeztu, ekimenaren atzen hamar urteetako ibilbidea gogoratu eta etorkizunari begira herri mailan Bizi Igorre Lagunkoia ekimenak daukazan erronkak eta ilusinoak partekatuko dira.