INBIU 2026

INBIUren erronkea ezetuteko aurkezpena egingo dabe hilaren 11n

Erredakzinoa

INBIU 2026ren aurkezpena urri lehenengoaren 11n egingo dabe, 18:00etatik 19:00etara, Lasarte Aretoan.

Bertan, hilaren 19rako prestatu daben erronkea ezetutera emongo dabe. Igorreko Udalak herriko alkarte eta herritar guztiei aurkezpenean zein egun nagusiko jardueretan parte hartzeako deia egin deutse.


Igaz, Euskal Herrian inoiz egindako giza kate-kiribil handiena osotu eben INBIU egunean. Aurten, beste erronka bat ipini dabe: Euskal Herriko lauburu bizirik handiena sortzea. Horretarako, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izango da barriro be.
 
INBIUri begira giroa berotzen hasteko, urri lehenengoaren 7an ekimenaren bideo-promoa grabau eben Lasarte parkean. Hurrengo hitzordua hilaren 11ko aurkezpena izango da. Txikienek Zuztertxu eta Galtzagorrigaz gozatuteko aukerea izango dabe eta hazi-mandala tailerra be egingo dabe. Aurkezpenaren ostean, kopaua egongo da bertaratutakoentzat.
 
INBIUren egun nagusia hilaren 19an izango da. 12:00etatik 14:00etara, Lauburu erronka: euskara loratu ekimena egingo dabe Lasarte parkean. Herritarrek ginkana komunitario baten parte hartu, naturako materialak batu eta, ondoren, zazpi metro inguruko lauburu erraldoi eta bizia sortuko dabe alkarregaz. Musikea, sormena eta euskal kulturea belaunaldi guztientzako proposamen parte-hartzaile baten batuko dira.
 
15:00etan herri-bazkaria egingo dabe Lasarte parkean, eta bazkalostea Eingo taldeak girotuko dau. Txartelak jubiladuenean eta Eguzki tabernan dagoz salgai: helduen menuak 20 euro balio dauz eta umeenak, 18 euro.


 
Arrastiko 19:00etan Bizkaiko Ingude Txapelketa Ofiziala jokatuko da Lasarte parkean. Ondoren, Mangual DJ-a ariko da Kubulu euskaltegiaren aurrean eta kopaua be egongo da. Euria egiten badau, Lasarte parkeko jarduerak frontoian egingo dira.
 
Igorreko Udalak herritarrak animau gura ditu hilaren 11ko aurkezpenera hurreratu eta 19ko erronkan parte hartzera. Euskerea, kulturea, musikea eta herritarren arteko alkarlana ardatz izango dituan jai-eguna alkarregaz eregiteko aukerea izango da.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!