Igorreko Udaleko udalbatzak, EAJren aldeko boto eta EH Bilduren abstentzinoagaz, eguaztenean egin zan plenoan onartu eban Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) barriztua. Hau, ia hogei urteko lan teknikoaren, prozesu parte-hartzaile biren (2006 eta 2025-2026) eta administrazinoko izapidetza lan luzearen emaitzea da. Udaletik zabaldutako oharrean esaten danez, HAPO honek "hazkunde-eredu orekatu, jasangarri eta Igorreren beharretara egokitua proposatuten dau".
Olatz Urkiza alkatea
"Plan honen ez deutso soilik orainari begiratuten, Igorreren etorkinazunari be. Hazkundea modu ordenau eta jasangarrian planifiketako, etxebizitzarako sarbidea errazteko, babes publikoko etxebizitzen eskaintzea handitzeko, espazio publikoak hobetzeko eta herritarrei zein gure udalerrian inbertidu eta jarduera ekonomikoa garatu gura dabenei segurtasun juridikoa eskaintzeko aukerea emoten dau".
HAPOak herriaren antolaketea zehazten dau, hazkundea planifikatua izateko. Holan, jarduera ekonomikorako eremu barriak, lurzoru urbanizagarriak, ekipamentu eta berdeguneetarako lurzoruak, azpiegitura eta mobikortasun-sareak, ondare kunturala eta natura-ingurunea babestuteko eremuak finkatuten dira.
HAPOaren ardatz nagusietakoa etxebizitzen sustapena da eta planak, Igorren 366 etxebizitza barri eregiteko aukerea zabalduten dau. Horreetako 182 babes publikokoak litzatekez, 130 babes sozialekoak eta 52 tasatutako etxebizitzak.
Halanda be, HAPO hau behin-behinekoa da momentuz. Izan be, txostena EAEko Lurralde Antolamenturako Batzordera eta ingurumen-organo eskudunera bialduko behar da. Beharrezko izapideak egin ostean, Bizkaiko Foru ALdundiarena da behin betiko onarpena emoteko eskumena.