komunikazinoa

Igorreko Udalak onartezintzat jo ditu Movistarren estaldura eta zuntz-zerbitzuaren arazoak

Asier Abrisketa 2026ko uztailaren 10a

Adimen Arifizialagaz egindako irudia.

Movistarren estaldura arazoak dirala-ta, bezeroak komunikau ezinean edo internet barik geldituten dira; herritar guztiak komertzio eta kutxazainetan txartelak erabili ezin izateaz gainera.

Badira hileak noizean behin, gero eta sarriago, Movistarren bezeroek estaldurea galdu eta zuntz-zerbitzuan arazoak dirala-ta, internet barik geldituten dirala. Arazoa baina, ez da Movistarren bezeroetara mugatuten. Izan be, denda, taberna eta bestelango komertzio gehienek Movistarren lineak erabilten ditue eta internet barik geldituten diranez, herritarrek ez daukie ordainketak txartelagaz egiteko aukerarik. Horrezaz gainera, kutxazainetan be internet zerbitzua eteten da, herritarrak dirua aterateko aukera barik geldituten diralarik.

Igorreko Udalak informazino faltea "onartezina" dala adierazo dau: "Are gehiago herritarren komunikazinoari, jarduera ekonomikoari, enpresen eta merkataritzearen funtzionamentuari, telelanari eta kasu batzutan, berehalako erantzuna eskatuten daben egoerei eragiten deutseen funtsezko zerbitzuez gabizanean".

Egoera honen aurrean, Igorreko Udalak ohar baten bitartez kezkea adierazo dau, bai eta Movistarreri "premiazko konponbidea eskatu" be. Udaletik defendidu dabenez, arazoak hasi ziranetik Movistarregaz harremanetan ipini dira baina operadoreak ez dau arazoaren errazoi edo jatorriaren gaineko azalpen argirik emon, ez eta zerbitzua noz berrezarriko dan be azaldu. Udalak konpainiari arazoa konponduteko eskaerea egiten jarraituko dau. Informazino egiaztatua eskuratu orduko, herritarrei barritasunen barri emoteko konpromisoa be hartu dau.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!