Arratia BHIko zuzendaritzeak, Tranbia Txiki Guraso Elkarteak, Igorreko Udalak eta Igorreko Jai Batzordeak argitarautako ohar baten salatu dabenez, Igorreko institutuko patioan gela eta aldagela moduan erabilten diran barrakoiak erasotuak izan dira. Erasoa barikutik zapaturako gauean emon zan, Igorreko jaiak ospatuten ziran bitartean. Salatu dabenez eta argazkietan ikusi daitekenez, ikasgela bi eta mutilen aldagelea izan dira erasotuak eta bertako material ugari apurtu eta irauli eben ezezagunek: leihoak, persianak, mahaiak, aulkiak, armairuak, pantaila bat eta ikasleen eskola-materiala.

Gertatutakoaren aurrean, "haserrea, tristurea eta kezka" sentiduten dabela adierazo dabe oharraren sinatzaileek: "Eskolea ez da eraikin huts bat; ez dira hormak, leihoak edo altzariak bakarrik; ikastetxea ikasteko, alkarbitzeko, harremanak eraikiteko eta etorkizunerako prestatzeko espazioa da; guztiona da eta bereziki ikasleena, gure gazteena".

Oharrean azaldu dabenez, ikastetxeko aurrekontuagaz egin beharko dira konponketak eta honek "ondorio zuzenak" izango dauz, diru hori ezingo dalako beste kontu batzutara bideratu: "Erasoaren ondorioak, zoritxarrez, ikasleengan izango dabe eragina, zuzenean edo zeharka; eurak dira atzen baten kaltetu nagusiak".
