DOKUMENTALA

Latinoamerika, Antilla eta Karibeko Zinemaldiko film bi proiektauko dira Lasarte Aretoan

Erredakzinoa 2026ko maiatzaren 25a

Hilaren 27an Acuerpadas, hasta que se haga justicia eta 29an El caso Freytter egongo dira ikusgai, protagonisten solasaldiakaz.

Emigrad@s Sin Fronteras alkarteak Euskal Herrian biran ibiliko dan Latinoamerika, Antilla eta Karibeko Zinemaldia antolatu dau. Helburua, zinemaren bitartez giza eskubideak, bakea eta bizikidetzea sustatu eta defendidutea da eta horretarako, gai sozial desbardinak lantzean dabezan dokumentalak proiektauko dira: andrak, LGTBIQ+ komunidadea, nekazariak, indigenak… Hau Jaurlaritzearen Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzearen Sailagaz, Bizkaiko zein Gipuzkoako diputazinoakaz eta Igorre, Mungia, Arrigorriaga, Amurrio eta Andoiango udalakaz antolatu da. Holan, herri bakotxean film bina proiektauko dira, atzenak Igorren maiatzaren 27an eta 29an, biak 18:00etan Lasarte Aretoan.

Lehenengo filma Acuerpadas, hasta que se haga justicia da eta bere protagonistetako batek, Dalilda Arguetak, urteak daroaz Arratian errefujiauta, berak egingo dau solasaldia. Dokumentalean, Africa Baeta, Gessame Forner eta Lorena Fernandezek Hondurasera bidaiatuko dabe, erresilientzia eta duintasun istorioak topetan. Estraktibismoaren eta indarkeria estrukturalaren eraginpean dagoan herrialde baten, zailtasun guztien gainetik euren lurra, gorputzak eta ahotsak defendiduten dabezan andrakaz egingo dabe berba. Bueltan, Arguetagaz batuko dira Arteako Basoa Defendatzaileen Etxean, kontakizun intimo eta indartsu baten mundu biak buztartuta.

Hilaren 29an barriz, El caso Freytter dokumentala egongo da ikusgai. Dokumentalak Jorge Adolfo Freytter irakasle, abogadu eta sindikalista kolonbiarraren erailketea dauka ardatz moduan. Protagonistea honen semea da, Jorge Freytter, eta dokumentalean agertuten da zelan 17 urtez erbesteratuta egon ostean, Kolonbiara bueltetan dan bahitu eta hil eben aitaren kasua ikertutera. Bere hilketearen nondik norakoak eta errazoiak misterio bat dira oindino be.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!