Realaren kontrako partiduan lez giro itzela egon zan Urbietan zapatu arrastian, Arratiak deialdia egin eban barriro jentea futbol zelaira hurreratzeko eskatzen eta erantzuna itzela izan zan. Realaren kontrako partiduan baino zale gehiago batu ziran, 700 inguru.
Partiduari jagokonez Arratia Ak Errioxako Pradejon taldearen kontra jokatu eban eta 4-0 irabazi eban. Partidu hasikeran errioxarrak indartsu atera ziran zelaira baina 11. minutuan Irati Artaraz bediaztarrak bat eta hutsekoa sartu eban. Bigarrena Amaia Alzagak sartu eban 33. minutuan eta holan heldu ziran atsedenaldira. Bigarren zatiko hamargarren minutuan taldean garrantzitsuak diran jokalari bi, Olaitz Arroyo igorreztarra eta Itsaso Kumi, atera ziran zelaira eta Arroyok zelaira urten eta ia segiduan arratiarren hirugarrena egin eban. Emaitza biribiltzeko Itsaso Kumik laugarrena sartu eban Arroyo eta bere arteko jokaldi bategaz 70. minutuan.
Partidu ostean, bai partiduan bai denporaldian zehar lan itzela egin dauan Nerea Beitia kapitainagaz egon zan BEGITU, eta hauxe adierazo eban: “Fisikoki talde gogorra zala jakin dogu, dueluetan sano indartsuak. Lehenengo minutuetan indartsu hasi dira, baina guk goiz sartu dogu gola, eta horrek konfiantza handia emon deusku. Hortik aurrera zelaian hobeto sentitzen hasi gara eta bigarrena be sartu dogu. Amaierara arte partidua menperatu dogu, gainera atea hutsean mantentzea lortu dogu, eta hori klabea da. Halanda be, oindino beste 90 minutu geratzen jakuz, eta emaitza oso ona izan arren, argi daukagu hangoa partidu gogorra izango dala. Gaur egon dan giroa be ezin hobea izan da, eta espero dogu han be holan izatea. Zoritxarrez, ordutegiak ez dau laguntzen, baina seguru Igorretik eta Arratiatik be animoak eta indarrak helduko jakuzala; baina, animau etorten!”.
Bueltako partidua Pradejonen jokatuko dau Arratia Ak maiatzaren 10ean, domekea, arrastiko 18:00etan. Arratia taldeak autobusak ipiniko ditu doban zaleak joan ahal izateko.