Partidua arin ipini zan arratiarren alde Oroitz Villenak 5. minutuan sartutako golari esker, baina etxekoek lehen zatia amaitu orduko bardinketea lortu eben. Partiduko 57. minutuan Villenak bigarrena sartu eban eta partidu amaieran tolosarrek euren atean sartu eben 1 eta 3koa. Villena mailako pitxitxia da 31 gol sartuta eta Jagoba Fernandez atezaina 32 gol jasota, partiduko gol gitxien jaso dauzan jokalaria da.
Garaipen horregaz mailaz igon da Arratia eta datorren denporaldian Ohorezko Nazional Ligan jokatuko dau.
Sailkapenean hirugarren postuan dago 32 jardunaldiren ostean eta 58 puntu ditu. Lehen postuan Athletic Club B eta Deportivo Alaves B ditu baina ezin dabe kategoriaz igon, talde filialak kategoria bat gorago daukiezalako. Partidu biren faltan matematikoki igotea lortu dabe.
Taldeak Nazional Mailara igotea lortu eban joandako denporaldian. Hirugarren urtea jarraian izan zan arratiarrek mailaz igotea lortu ebena, oin laugarrenez igon dira.
Arratiako zale asko Tolosan
Autobusa antolatu eban Arratia futbol taldeak Tolosara joateko eta autobusa beteteaz gainera beste gazte asko be euren kontura joan ziran. Tolosan buelta bat emon ostean zaleak partidura joan ziran. BEGITU guraso bategaz egon zan eta hauxe adierazo eban: “Arratiak oso ondo jokatu dau eta 1-3 irabazi dau, ostean aldagelan ordubetez ospatu dabe igoerea. Autobusean oso giro ona egon da eta oso polita izan da Igorrera heldukeran andrazkoen Arratia A taldeko jokalariek eta zuzendaritzako kide batzuk harrerea egin deutsiela; jente asko egon da autobusa itxaroten. Ordu txikietara arte ospatu eben Arratiako jokalariek igoerea Igorren.