Hamabi urte bete dira Kiñu Gaztetxeak ateak zabaldu ebazanetik eta urtero lez, hau ospatuko dauan egitaraua antolatu dabe. Igorreko Kintoen Egunagaz batera, Jai nagusia aprilaren 25ean egingo bada be, april osoan zehar luzatuko da ospakizuna.
Asanbladakideek BEGITUn azaldu dabenez indarrezko kaleratzea saihestuteko Sabadell Bankuagaz negoziazinoak aurrera doaz eta “frututxoren bat” bat emon dau; halanda be, onartu dabe alde bakotxaren eskakizunak urrun manteniduten dirala. April amaierara arte daukie akordio batera heltzeako, bestela, epaiketea egongo da barriro.
Lehenengo ekintzak aprilaren 9 eta 10ean, eguen eta barikuan egingo dira. Bihar, hilak 9, norberak idatzitako poemak irakurteko mikro irekia egongo da. Gaztetxetik “okupazinoa” gaia proposatu dabe baina bakotxak gura dauan gaia erabili ahal dau. Irakurritako poemakaz liburutxo bat egingo da eta horretarako, aprilaren 8ra arte, hau da, gaur egun osoan zehar bialdu daitekez idatzitako poemak. Gero, Lokatz loreak bertso ikuskizuna egingo da. Etzi, barikuz, kontzertu gaua egingo da Kiñun. Izan be, Olaia Inziarte abeslari famaua eta Indigo talde sortu barria igoko dira gaztetxeko oholtzara, ateak 20:30ean zabalduko dira eta sarrereak zortzi euroko balioa izango dau.