BERTSOLARITZEA

Regueibertso 2026: Igorre izango da gazte inprobisatzaileen bilgunea

Erredakzinoa 2026ko martxoaren 24a

Urteotan hainbat topaketa egin ondoren, aurten barriro be Igorre izango da gazte inprobisatzaileen bilgunea Regueibertso egitasmoaren barruan. Antolatzaileen esanetan, aurtengoa azkenengo alkartrukea izan daiteke.

Aurreko urte batzuetan Kataluniako glosadoreek be parte hartu badabe, aurten Galiziatik etorriko dira ikasleak, honako institutuetatik: IES do Milladoiro (Ames), IES Antonio Fraguas eta IES de Sar (Santiago), IES Xulián Magariños (Negreira) eta Escola de Regueifa de Carballo.

Gazte galiziarrak martiaren 25ean ailegauko dira Igorrera. Lehenengo egunean alkar ezetuteko dinamikak egingo dabez, eta gauean afaria 20:30ean Kiñun eta bertso-regueifaz gozatzeko aukerea izango dabe.

Martiaren 26an, Arratia Institutuko kultur astearen barruan, emonaldia eskainiko dabe. Arrastian, barriz, Lasarte Aretoan 18:00etan, aurkeztuko da A o son da nova regueifa dokumentala, Manolo Maseda eta Sechu Sendek sortutakoa. Lan horrek regueifearen berbizkundea eta gaur egungo indarra erakusten dau, gazteen transmisinoan jarrita arretea.

Egun berean, hainbat eragilek hartuko dabe parte: bertsolari beterano eta gazteek, institutuko ikasleek, Galiziako regueiferoek eta musikariek; baita jantzari eta trikitilariek be. Iluntzean, AEK-k antolatutako kantu poteoan be ibiliko dira. Atzenik, martiaren 27an, Korrikagaz batera, 11:30ean, bertso-regueifa ibilaldia egingo da herrian zehar, gazteek esperientzia borobiltzeko.

Ibilbidearen laburpena
Regueibertso topaketek urteetan izan dabe joan-etorriko izaerea: hasieran Euskal Herrian eta Galizian egiten ziran, eta gero Katalunia batu zan. 2019an Katalunian egin zan lehenengoz; 2020an Igorren egitekoak ziran, baina bertan behera geratu ziran pandemiagaitik. Ondoren, 2022an Arratian, 2023an Galizian, 2024an barriro Arratian eta 2025ean Galizian egin dira.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!