ANTZERKIA

Identidadearen bila, Lasarte Aretoko oholtzan

Asier Abrisketa 2026ko otsailaren 20a

Zapatuan, hilak 20, Gilkitxaro konpainiak Identitarteak antzezlana dakar Igorrera, 20:00etan

2023ko aprilean estreinau eban Gilkitxaro antzerki taldeak Identitarteak antzezlana Kotxepinen eta oingoan, zezeilaren 21ean, Igorreko Lasarte Aretoan taularatuko da jolastu bitartean identidadea topetea helburu daukan antzezlana. Lutxo Egiak idatzitako testua Ane Zabala eta Galder Perezek gorpuztuko dabe, Aitor Garcia de Bikuña musikariaren laguntzeagaz, 20:00etatik aurrera.

Identidadeen gaia oholtzan jorratuten eskarmentua daukan Egiak genero identidadea lantzean dau batez be, baina baita euskalduntasuna, markak, iruditeria... Holan, mundu zarratu, aldaezin eta esentzialista batetik, identidadeak konfiguretan dabezan praktika sozialetarako bidaia bat da gidoia eta personaiek, jolasen bitartez landuko dabez identidade horreek. 

Gilkitxaro 
Gilkitxaro antzerki taldeak 1996an hasi eban bere ibilbidea Deustuko Gaztetxean. Orduan gazte kuadrilla batek osotuten eban kolektiboa, baina oin, Ane Zabala eta Galder Perez geratu dira taldeko kide egonkor lez. "Askatasuna eta komedia dira taldearen egiteko motoreak. Askatasuna sormenean eta antzezteko unean, egitura komertzial edo instituzionalakaz lotura bakoa. Askatasuna, justizia sozialagaz batera izaten da lanen ildoa, komedia landuz. Komedia, ikusleengana hurreratzeko tresnarik eraginkorrena dala sinisten dabelako" dinoe taldekoek euren webgunean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!