GAZTETXEAK

Arriskuan dagozan gaztetxeakaz berbaldia antolatu eban Kiñu Gaztetxeko asanbladeak

Ager Barragan 2026ko urtarrilaren 21a

Urtailaren 27an ebatziko dau epaileak Kiñu Gaztetxearen etorkizuna eta pasau dan barikuan, hilaren 16an, egindako mahai-inguruan asanbladeak salatu eban, Sabadell banketxeak gaztetxea indarrez hutsitu gura dauala eta eraikina urte askoz hutsik egongo dala.

Bost urtetik goragoko prozesu judiziala daukie martxan Igorreko Kiñu Gaztetxeak eta Sabadell Bankuak eta urtailaren 27an, hirugarren epaiketea eroango da aurrera Durangoko epaitegietan. Abenduaren 24an, asanbladakideak Bilboko Sabadellen egoitzara sartu eta ekintzea egin eben bertan. Olentzero eta Mari Domingi bulegoetara sartu eta “gazteentzako beharrezkoa dan Kiñu Gaztetxearen negoziazinoan aurrerapausu bat emotea” eskatu eben egoitzan. Kanpoan irakurritako komunikaduan, gazteek salatu eben: “Sabadellek ez dau inolako prestutasunik adierazoten urte askoz hutsik egon eta horrela jarraituko dauan eraikinaren erabilpena, atzen hamabi urteetan kudeatu dauan asanbladearen eskuetan ixteko”.

Gazteek defendidu eben, asanbladeari esker bertan behera itxitako eraikin bat izatetik, gaztetxea “Igorreko eta Arratiako herrientzako kultura, aisialdi, formakuntza, kirol eta politizazino alternatiborako espazioa” izan dala, eta “beste hainbeste urtetan zehar holan izaten jarraitu behar dauala”. Abenduaren 24an Bilbon egindako ekintzaz gainera, Kiñukoek beste asanblada batzuen alkartasuna izan eben, Donostia eta Gasteizeko Sabadellen egoitzetan be egin ziralako elkarretaratzeak. Gainera, sareetan salatu dabe gaztetxeen kontrako oldarraldi bat dagoala, izan be, egun berean Donostian, Guardetxearen kontrako epaiketea be egingo da. 

Hirugarren epaiketea
Bost urte daroaz Igorreko Kiñu Gaztetxeak epaiketaz epaiketa, eraikinaren jaubetza legala daukan Sabadell Banketxeak gazte asanbladea bertatik bota gura daualako. Epaiketa bi izan dira ordutik, batean Sabadelleko abogaduak ez ziran aurkeztu eta bigarrenean, 2025eko aprilean, gazteek epaiketea atzeratutea lortu eben, estrategia aldaketa bateri esker. 2025eko urri lehenengoan egin behar zan hirugarren epaiketea Durangon baina Kiñuko asanbladeak ezusteko jakinarazpen bat jaso eban epaitegitik. Atzenean, 2026ko urtailaren 27an da egitekoa Igorreko gaztetxearen etorkizuna ebatziko dauan epaiketea.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!