Igorreko Lasarte Aretoak aparteko bertso-saioa hartuko dau urtailaren 24ean, izan be, 20:00etatik aurrera gaur arte bateraezinak izan diran bertsoa eta musika elektronikoa bateratuko ditu. Itzali eta Piztu izenpean, urrietan estreinau zan emonaldi honetan reggaeton, reggae, balada, cumbia eta pop doinuan bat-bateko bertsoakaz buztartuten dira. Horrezaz gainera, bertso-doinutegi tradizionalaren ondarearen parte diran doinuak be bertsionauko dabez musika elektronikoaren bitartez, erritmo barrietara ekarriz eta ahots efektuak baliatuta.
Ekimenak hamaika bertsolariko taldea dauka eta Igorren hiru egongo dira. Miren Artetxe lasartearra, besteak beste, 2021ean Xilaba Bertsulari Xapelketako azpitxapelduna eta 2003an Nafarroako zazpigarren izandakoa; Oihana Bartra bilbotarra, Bertsolari Txapelketa Nagusian zein Bizkaikoan eskarmentu handikoa; eta Haizea Arana eskoriatzar gaztea. Musikari lanetan barriz, Libe Goenaga eta Manex Pagola egongo dira, Aner “Euzkitze”-gaz batera proiektuaren bultzatzaileak diranak. Gai-jartzaile moduan ostera, Ainhoa Larretxea ibiliko da Igorreko saioan.
Zozketea:
Sarreren zozketan parte hartuteko, Instagram, Facebook edo Twitter-en, artikulo honen publikazinoari atsegin dot emon eta iruzkinetan nogaz joango zintzatekez jarri beharko dozu. Hilaren 21era arte egongo da zabalik eta hilaren 22an, gure sare sozialetan jakinarazoko dogu irabazleak nortzuk izan diran.