Manu Quintanilla Master50eko txirrindulari Igorreztarrak amaitutzat emon dau oingo ziklo-kros denporaldia. Urtailaren 10ean Tarancón-en (Cuenca) jokatu zan Espainiako Ziklo-kros Txapelketakoa izan zan atzen lasterketea eta podiumera igoteko helburua bete ez baeban be, sano pozik agertu da egindako denporaldiagaz. Hamaika lasterketa irabazi ditu: “Uste dot egin dodan denporaldirik onena izan dala”. Halanda be, atzenaren inguruan onartu dau: “Ez zan izan desira neban txapelketea”. Izan be, podiuma egitea zan bere helburua eta atean geratu zan, laugarren.
Quintanillak BEGITUn azaldu dau urtekerea “perfekto” egin ebala baina alde teknikotik ez ebala asmatu. Izan be aurreko gurpila lar puztuta egoteagaitik eta zirkuitua izoztuta egonda, bihurguneetan laban egin eta hainbat postu galdu ebazala. Hamargarren postuan geratu zan, “baina txipa eta bizikletea” aldatuta, aurrera egin eta hainbat postu berreskuratu ebazan, laugarren ipinita, 42:06ko denporan amaituta. Lehenengoa Tomas Misser izan zan, munduko txapelduna, baina beste biei, Jose Luis Rebollo eta Enrique Solerrei irabazteko gai zala esan eban igorreztarrak: “Denporaldi osoan irabazi dodaz baina momentuko baldintzak dira eta ez jatan eguna ondo urten”.
Halanda be, azpimarratu dau, “ez da Espainiakoa bakarrik balorau behar, denporaldi osoa baino”. Izan be, bi lasterketatan kenduta, danetan igon da podiumera eta hamaika irabazi ditu: “Pentsaezina zan aurreko urtekoa errepikatutea baina hobetu egin dot, bi garaipen gehiagogaz”.