ENKANTEA

Palestinaren aldeko alkartasun enkantea Igorren

Ager Barragan 2026ko urtarrilaren 2a

Domekan, hilaren 4an, arrastiko 19:00etan, alkartasun hitzordu berezia egingo da Igorreko Axular Herriko Tabernan. Palestinako herriari babesa adierazoteko asmoz, enkante solidarioa antolatu dabe, eta Arratiako zein Euskal Herriko hainbat sortzaile, talde eta eragileren ekarpenak batuko dira bertan.

Ekimenak helburu argia dauka: alkartasuna laguntza bihurtzea, eta horretarako, balio handiko material sorta zabala ipiniko da enkantean. Kirolagaz, kultureagaz eta tokiko produktuekaz lotutakoak izango dira, batzuk bakarrak edo eskuratzeko sano gatxak. 

Besteak beste, honako material hau eskuratu ahal izango da: Pelotako Euskal Selekzinoko kamisetea, Palestinako Futbol Federazinoko kamisetea, Torontileko lamina eta pegatinak, Arratiako produktuen otzarea, Saioa Larrearen piezea, Garenako txakolin botilak, Arratiko Zekorrak taldearen kamisetea, Asisko Urmenetaren marrazkia, Karlos Aretxabaleta eta Mikel Urkixoren liburuak, Platinelaren materiala, Areatza Musik & Beer-en materiala, begituren materiala, Athletic Clubeko nesken kamisetea, Areatza Bainuetxeko zirkuitu termala (lagun birentzako), Ane Han-en diskoak, AEKren Korrikako material lotea, Amaia Aldairen kamisetea, Gorbeia Suzieneko materiala eta disko ugari, besteak beste. Antolatzaileek herritar guztiak konbidau gura dabez parte hartzera, enkantean puja egitera edo, besterik ez bada, bertaratzera.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!