ORIENTAZINOA

Gazteak lagundu eta aholkatuteko Mankomunitateak ipini dituan ekimenak martxan Igorreko Lasarte Aretoan

Erredakzinoa 2025eko abenduaren 17a

Bihar, hilak 18, laneratzeko orientazinoa eta aholkularitza psikologiko eta sexologikoa emoteaz gain, gurasoentzako orientazino saioa egingo da 17:30etik 19:30era

Arratiako Udalen Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 16 eta 29 urte bitarteko gazteei eta euren familiei zuzendutako Bizkaia Gazteak Arratia 2025 programea daukie martxan. Honen bitartez, gazteak “bizitzearen etapa honetan hainbat alderditan lagunduteko asmoz” lau ekimen dagoz martxan, guztiz doban. Mankomunitatetik abenduaren 18an, 17:30etik 19:30era, egingo dan DBH4 eta 2. Batxilergoko ikasleen gurasoentzako orientazino saioa azpimarratu gura izan dabe: “Jardunaldi honetan, gazteen hezkuntza- eta lanbide-erabakietan laguntzeko estrategiak, zuen seme-alabei aukera akademikoa egiten laguntzeko tresna praktikoak eta 4. mailako DBHko eta 2. mailako Batxilergoko ikasleei etorkizuneko erabakietan laguntzeko estrategiak landuko dira”. Izena 688 744 829 telefonoan edo https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSeOtD-_q5wzM2-LjTfXAONWfv3xusiZJ7F7K8NQYRPsiLX9Eg/viewform helbidean emon daiteke.

Beste alde batetik, gazteentzako zein euren familientzako banakako aholkularitza zerbitzu bi dagoz martxan, online zein aurrez aurre egin daitekezanak. Batetik, 18 eta 29 urte bitartean lana bilatzeko edo ikasketakaz jarraituteko erantzunak behar izanez gero, Laneratzea eta ikasketak zerbitzua dago. 655 826 551 telefonoan edo orientazino-indibidualak@arratia.eus helbidean erantzuten dabe. Bestetik 16 eta 29 urte bitartekoen gaineko aholkularitza psikologiko eta sexologikoa be badago, “lotsa barik” eta “konfidentzialki” berba egiteko.  655 826 551 telefonoan edo kontsulta-gaztedi@arratia.eus-en eskatu daiteke.

Hausnarketarako scape room-a
“Partaidetza eta balioetan heztea” lantzeko, Arratiako gaztelekuetan scape room bat antolatu da talde lana, kontzeptu jakin batzuen barneratzea edo aniztasunaren gaineko hausnarketea egiteko helburuagaz. 16 eta 29 urte bitartekoentzako dago zuzenduta eta norbere herriko gaztelekuan informau daiteke. “Zientzialari talde batek makina bat eregi dau atzen 90 urteak ezabatuteko, nork suntsitu ahalko dau denporea amaitu baino lehen?”.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!