ENPLEGU AZOKEA

Arratiako III. Enplegu Azokea antolatu dau Errotak

Erredakzinoa 2025eko abenduaren 11

Bihar, hilak 12, Errota Fundazioak Arratiako III. Enplegu Azokea antolatu dau Igorreko Kultur Etxean, hau “herriratuteko” ahaleginean.

Arratiako garapen sozioekonomikoa bultzatuteko Errota Fundazioak aurten be antolatu dau Enplegu Azokea, hirugarrenez. Bihar, hilaren 12an, egingo da hau 10:00etatik 14:30era, eta aurreko edizino biak Zulaibarren egin izan diran arren, oingoa Igorreko Kultur Etxean eroango da aurrera lana topetea erraztuteko ekimena. Izan be oin arte azokea, batez be Zulaibarreko ikasleen praktikaldiei bideratuta egon da baina Errota Fundazioak ikusi dau, hau herriratuteko beharrizana. Ekimen honen helburu nagusiak enpresei ikusgarritasuna emotea eta eskualdeko enplegu-aukerak sustatutea dira, gazteak eta langabetuak lan-mundura gerturatuz, eta lana aldatu gura daben personentzako aukerea eskaintzea.

Beraz, Arratiako enpresa eta entidade ugarik euren postuak ipiniko ditue Kultur Etxeko hall eta erakusketa gelan, lana topetan dabilen jentea euren kurrikulumakaz hurbildu eta enpresako ordezkariakaz hurbileko tratua izan dagian. Bertan, enpresak eta euren jardunak ezetuteaz gainera, enpresak topetan dabilzan profilen gainean informau ahal izango dira. Interesik izan ezkero, kurrikuluma aurkeztu eta euren burua salduteko aukerea izango dabe lana topetan edo aldatuteko saiakeran dabizanek. Horrezaz gainera, lanpostuen iragarpen taula bat be ipiniko da, stand-ik ez daukien enpresentzako. Azokearen aurreko astean, egongo diran lan-eskaintzen gaineko informazino Errotaren sare sozialetan argitarauko da.

Enplegu aholkulariak
Talentua eta enpresak hartu-emonean ipinteko Errota Fundazioaren ekimen honetan, lehenegoz hartuko dabe parte enplegu-zerbitzuetan espezializautako agentziek. Aldalan lan orientazinoko eta enpleguko aholkularitzeaz gainera, gazteakaz lan egiten daben Novia Salcedo Fundazioa eta Gaztaroa Sartu aholkularitzak be egongo dira azokan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!