Aurtengoan txirrindulari nagusi eta nazinoartekorik egon ez dan arren, Igorreko Olabarri auzoko landak barriro izan ziran ziklo-kros jardunaldi arrakastatsu baten lekuko zemendiaren 29an. Arrastian zehar jokatu ziran kategoria desbardinetako lasterketak, bost urteko umeetatik hasita, infantilen kategoriaraino. Leire Aurrekoetxea Arratiako Ziklista Elkarteko presidenteak BEGITUn adierazo dauanez, Txiki Kopa torneoko lasterketarik arrakastatsuena izan zan Igorrekoa, 298 txirrindulari gazteren parte-hartzeagaz.
Bertan, Oihan Rekakoetxea zeberioztarrak hirugarren egin eban, Peio Erdoiza lemoaztarrak laugarren eta Beñat Bober igorreztarrak zortzigarren.
Aurrekoetxea pozik agertu da, "boluntario piloa eta giro oso ona" egon zalako zirkuituaren inguruan, gainera, aurtengoan eguraldi ezin hobeagaz. Beste urte batez erakutsi da ziklo-krosak etorkizuna daukala Igorren, txirrindulari profesional barik be. Halanda be, AZEko presidenteak adierazo ebanez, aurten nagusirik egon ez dan arren, "idea hori, nazinoarteko ziklo-krosarena, inoz ezin da alboratu Igorre baten". Beraz, zabalik itxi ditu ateak datorren urterako.