ZINEMA

Jean-Claude Lauzonen 'Léolo' filma dakar Igorreko Zineklubak

Amaiur Irazabal 2025eko azaroaren 10a

Zemendiaren 12an iluntzeko 20:00etan ikusi ahalko da filma Igorreko Lasarte Aretoan.

Igorreko Zineklubak Jean-Claude Lauzonen Léolo filma dakar eguazten honetarako. 1992koa dan pelikulea ikusteko aukerea egongo da. Pelikuleak 1992 eta 1993an sari ugari jaso ebazan eta betiko film kanadiar onenen rankingnean bigarrena da. Pelikulea gordina, bortitza eta poetikoa da eta Montrealen bizi dan Léo Lauzon umearen istorioa kontetan dau. Sinopsiaren arabera, "Montrealeko auzo umil baten bizi da Léo Lauzon mutikoa, bizimodu zatar baten harrapauta. Gauero oroitzapenen, ametsen eta bere irudimen gainezkatuaren bidez iges egiten saiatzen da, baina familiaren errealidade gordinak eten egiten ditu beti bere fantasiak: familia osoaren hesteetako osasunagaz obsesionauta dagoan aita dauka, bildurrak jota bizi dan anaia kulturistea, nahasmentu mentalak dituen arreba bi, inork kasu askorik egiten ez deutsan aitita eta familiako mikrokosmosean agintzen dauan ama".

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!