Bere lehenengo ikuskizuna 2001ean aurkeztu eban Aukeran Dantza Konpainia lehenengoz hurreratu da, "espresuki, errespetuz eta gogotsu" umeen mundura Amama jantza ikuskizunagaz. Euskal herriko zazpi lurralde historikoetako herri banatan kokatutako zazpi ipuin tradizional hartuta, irakurketa berritua aurkeztuten dabe ume zein helduentzako. Amama ikusteko aukerea oingo zapatuan, hilak 25, egongo da Igorreko Lasarte Aretoan, 20:00etan.

Aukeran konpainiatik azalduten dabenez, amama batek bilobari kontetan deutsazan ipuinetan oinarrituten da. Holan, amamaren ipuinen irakurketeagaz batera, pertsonaia desbardinen jantzak izango dira ipuinen irudikapen koreografikoaren protagonista. Egileen esanetan, ikuskizunak "gure herriko geografia ezberdinetan barrena eramango gaitu, pertsonaia harrigarriekin".
Edu Muruamendiaraz eta Elena Benazillak zuzendutako lan honetan Loli Astoreka da protagonistea, amama. Jantzariak barriz Kimetz Cabanillas, Ane Etxeberria, Laida Egaña, Unai Iraola, Maier Muruamendiaraz, Nahikari Sanchez, Uxue Sanchez eta Danel Serrano. Maskara ikusgarriak Valentina Raposok egindakoak dira.