musikea

Musikea astegoiena Igorreko Herrikoan

Asier Abrisketa 2025ko urr. 16a, 09:51

Suger taldeak kontzertua eskainiko dau barikuan eta zapatuan, Amaiur Iragik Pizpirri. Pozgarri eta pizgarri diskoa aurkeztuko dau, bere aita presoagaz alkarbanatutako bertso eta abestietan oinarrituta.

Oingo bariku-zapaturako musikearen inguruko jarduera bikotxa dakar Igorreko Axular Herriko Tabernak.  Bihar, hilak 17, Suger talde dimoztarraren zuzeneko emonaldia egongo da tabernan, 21:00etatik aurrera. Zapatuan barriz, hilak 18, Amaiur Iragik Pizpirri. Pozgarri eta pizgarri diskoa aurkeztuko dau eguerdian, 12:00etan.

Suger 2019an Diman sortutako taldea da eta rock'n roll, pop rock, punk, metal eta folk rock estiloak buztartuten ditu, albokearen deiadarrek emondako ukitu bereziagaz. Imanol Salvador (abeslaria eta gitarra elektrikoa), Mikel Azagirre (koroak, teklatua eta albokea), Iñaki Elgezabal (bateria), Ager Bilbao (gitarra elektrikoa, bakarlaria) eta Eneko Valladares (baxua) dira taldekideak.

Amaiur Iragi barriz Harriet Iragi euskal preso politikoaren alaba da eta Pizpirri. Pozgarri eta pizgarri atzenean argitaratu egin dan bere aitarentzako opari bat zan hasikeran.  "Ni jaio nintzenetik aita espetxean egon da, eta gure bizitza osoan zehar ibili gara gure artean bertsotan eta kantuan, hori izan baita gure harremanen zati handi bat. Diskoa da nolabait harreman horren isla", inoan Amaiurrek diskoaren aurkezpen ofizialean, Bilboko Biran. Bertso eta kantu horreek oinarri hartuta, musikari eta bertsolari ugariren laguntzeagaz landu ebazan diskoko hamar abestiak: Porrot-, Iheskide, Uda, Xabi Solano, Roberto Moso (Zarama), Niko Vazquez (M.C.D. eta Motorsex), Des-kontrol, Eñaut Elorrieta, Unai Iturriaga, Oihana Iguaran, Igor Elortza, Alaia Martin, Miren Amuriza...

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!