merkatariak

Martxan dago Igorreko Bono Denda kanpainea

Asier Abrisketa 2025ko urr. 7a, 10:19

10 eurotan erosi eta 15 euroko balioa izango daben 7.000 bonu dagoz erabilgai. Bonuak dendetan erosketak egiterako momentuan eskuratuko dira NANa aurkeztuta.

AME Igorreko merkatarien alkarteak eta Igorreko Udalak barriro ipini dabe martxan Bono Denda kanpainea eta gaurtik aurrera, hilak 7, dagoz bonuak Igorreko komertzioetan. Aurtengoan 30 komertziok hartu dabe parte eta kanpainea zabalik egongo da bonuak amaitu edo gehienez be, zemendiaren 23ra arte. Bono Denda kanpainearen helburua igorreztarrek herrian erostera animetea da, holan sektorea dinamizau eta "herriaren irudia indartuteko".

Uda aurreko kanpainea egin ez zanez, oingoan aurreko urteetako bonu kopuru bikotxa ipini da zirkulazinoan, 7.000 bonu hain zuzen be. Betiko lez, bonu bakotxak hamar euroko prezioa dauka baina honeek erabilterakoan, hamabost eurorainoko erosketak egin daitekez kanpaineagaz bat egin daben denda eta komertzioetan.

Beste urte batzuetan bonuak aurretik erosi behar izan dira baina oin, ez dira fisikoak izango. Zuzenean komertzioetara joan eta erosketea egiterakoan bertan eskatu behar dira bonuok, NANa aurkeztuta. Bonu bakotxa erabilera bakarrekoa da eta herritar bakotxak hiru bonu izango dauz erabilgarri gehienez be.

30 komertzio

Honeek dira kanpainara atxikitu diran denda eta komertzioak: Aldeiturriaga oinetakoak, Ander Alday uleapaindegia, Arrabike, Arratek Informatika, Axular Herriko Taberna, Bea fruta-denda, Bizarginak, Bizkor merkatua, Decoración y Pintura Igorre, Edova elektrogailuak, Egibe apaindegia, Iru Deko burdindegia, Frutas Pino, Garden Igorre, Goloski, Ilestyle, Jaio arropa-denda, Kili Kili, Larrautxu arropa-denda, Lorane, Maran Kirolak, Marrak paperdenda, Olaetxe optika eta audio zentrua, Origen Belleza Saludable, Orrie, Politte!, Rekalde harategia, Ska oinetako konponketa, Sormenleku eta Zazpi Haizetara.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!