Manu Quintanilla txirrindulari igorreztarrak domekan hasi eban Espainiako Ziklo-kros Txapelketea, Xixonen (Asturias) lehiatu zan lehenengo jardunaldian. Ederto hasi dau kopea, Master 50 kategorian lehenengoa sartu zan-ta helmugara: "Oso pozik nago lehenengoz lortu dodalako liderraren maillota janztea". Garaipenak meritu berezia dauka, aurreko egunean, zapatuan, beste lasterketa bat lehiatu eta bigarren egin eban-ta, sprint-ean lehenengoagaz helduta.
Domekako lasterketea, Espainiako Kopakoa, "nahiko erraz" irabazi ebala azaldu dau BEGITUn Quintillak: "Lehenengo bueltea beste bigaz egin neban baina hiru bueltaren faltan aurrea hartu ahal izan neban, 20-25 segundoko aldeagaz lehenengo postua manteniduta". Atzenean, bost birak 43:02ko denporan egin ebazan eta atzetik heldu ziran, hurrengoz hurrengo, Eloy Otero eta Andoni Jimenez. Bediako Iñaki Paraga barriz bosgarrena izan zan eta Igorreko Iñigo Ealo hogeta hemeretzigarren.